Aurtengo Santa Lutzi azokan eguraldiak lagundu ez badu ere milaka pertsona batu dira Urretxuko eta Zumarragako kaleetan.
Hotzez eta euripean igaro dugu aurtengo Santa Lutzi azoka Urretxun eta Zumarragan. Hala ere, eguraldi txarra ez da herriko kaleetan bildu ziren milaka lagunentzat oztopo izan. Lehen orduetatik hasi ziren kaleak jendez betetzen eta goiz erdirako seieundik gora ziren traturako kokatutako animaliak. Aurtengo ferian, iaz hasitako berrikuntzen bidetik jo dute antolatzaileek eta lehiaketak desagertu egin dira sariketen mesedetan. Honela, kalitate maila bat gainditu duten baserritarrak saritu dituzte eta eskualdekoen kasuan gainsari bat ere eman diete.
Atzo banatu zituzten arlo guztietako sariak eta goierritar asko izan ziren hauek jasotzen, tartean urretxuarrak, zumarragarrak, legazpiarrak edota gabiriarrak. Saria errepikatu zuenik ere izan zen; Antonia Murgiondo gabiriarrak esaterako, hiru sari jaso zituen atzo. Eskualdetik kanpora ere joan zen saririk; besteak beste, Arrasatera, Aiara eta Amurriora.
Ardo lehiaketa
Santa Lutzi azoka ostiralean hasi zen Arabar Errioxako XVII. Ardo Lehiaketarekin. Hemen herritarrek ardoak dastatzeko aukera izan zuten eta baita epaimahaiaren lana gertutik jarraitzekoa ere, Urretxuko udaletxeko areto nagusian prestatu zuten emanaldian. Azkenean Baños de Ebroko Bodegas y viñedos Artuke etxeak lortu zuen aurreneko saria.
Aspertzeko betarik ez
Girorik ere ez zen falta izan eta egun osoan zehar herriko musika taldeak aritu ziren kaleak alaitzeko lanetan; trikitilariak, dultzainariak edota txistulariak kasu. Arratsaldean pilotari profesionalen arteko partidak jokatu zituzten Ederrena pilotalekuan eta gauean, txoznen aldeko kontzertuak antolatu zituzten Gaztetxearen ondoan jarritako karpan.
Argazki rallya ere egin zuten atzokoan. Aurreneko urtez formatu digitalean egiten zuten eta 34 lagunek hartu zuten parte.
Informazio gehiagorako bisita ezazu www.santalutzi.com web orria.
Banatu diren sari guztien laburpena irakurri otamotz.com-en.
otamotz.com - 2008, Abendua, 14