2009-12-07

Bostehun postutik gora jarriko dituzte bihar zortziko Santa Lutzi feria handian

Goierri

Kontsigna zerbitzua eskainiko dute aurten udalek berritasun gisa; bi toki jarriko dituzte erosketak utzi ahal izateko.

Miriam Luki

Santa Lutzi feria ate-joka da. Bihar zortzi, abenduaren 13arekin batera iritsiko da Euskal Herriko azoka handienetakoa. Urretxuko eta Zumarragako udalek feriaren egitarauaren berri atzo eman zuten. Hurrengo igandeko ferian bostehun bat postu izango direla iragarri dute. Horietatik hirurehun-bat Zumarragako kaleetan jarriko dituzte. Kopuru horri abelburuen salerosketa postuak batu behar zaizkio. Urretxuri dagokionez, berrehun bat postu izango dira guztira plazetan eta kaleetan.

Sariketaren filosofiari eutsiko diote aurten ere, lehiaketak egin ordez sariketak egiten hasi baitziren iaz. «Lehiakortasuna sustatu ordez, ferian parte hartzen dutenen lana saritzeko modu egokiena sariketa zela erabaki genuen eta aurten berdin egingo dugu», argitu zuen Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Santalutzitako egitarauan aldaketa handirik ez dago oro har, gainontzean. Nabarmentzekoa lehenengo aldiz kontsigna zerbitzua eskainiko dutela.

Haurrentzako poniak

«Jendeak erosketak egin eta poltsak non utzia izan dezan zerbitzu berria jarriko dugu», esan zuen Serranok. Bi toki izango dira, Urretxun Gernikako Arbola plazan eta Zumarragan Zelai Arizti kultur etxean. Kontsignaren ordutegia 10:00etatik 16:30era izango da. Urretxuko zinegotzi Lurdes Belokiren arabera postuetan bezeroei emango diete kontsignaren berri; «izan ere, orain artean postuetan gorde ohi dizkiete askotan erositakoa». Zerbitzua doan izango da.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako beste berritasun bat badago: poniak eta zezentxoak izango dira Zelai Arizti parkean 12:30etik aurrera. Aurreko urteetan ez bezala ezti lehiaketa Areizaga-Kalebarren plazan izango da, Gernikako Arbola plazan izan ordez. «Lehiaketa bezala mantendu dugun bakarra da, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak hala eskatuta. Hamabigarren edizioa izango da. Toki aldaketa euskal eztiaren kontsumoa zabaltzeko asmoz egin dugu . Gainera, erleek ingurumenaren orekan duten garrantzia agerian geldi dadin nahiko genuke», azaldu du Belokik.

Larunbatetik aurrera

Egitarauan hilaren 13ko feria eguneko ekitaldiak sartzeaz gain, bezperakoak ere jasotzen ditu. Aurten ere Arabako Errioxako ardo dastaketa izango da Gernikako Arbola plazan. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du Santa Lutzia bezpera Zumarragako eta Urretxuko kaleetan barrena.

Luzio Gabiriaren omenezko 22. bertso jaialdia ere sartu dute egitarauan, baita txistu kontzertua ere. Biak hilaren 19an izango dira.

Hori guztiarekin aldizkaria aurkeztu zuten, bide batez, atzoko agerraldian. Bertako produktuz egindako zenbait errezeta batu dizkiote egitarauari; «ferian bertan egongo diren produktuak dira, hemengoak. Baserritarren egoera ekonomikoa ez da oso ona eta Santa Lutzia ferian bakarrik ez, euren produktuen salmenta urte osoan zehar egitea sustatu nahiko genuke», gehitu zuen Lurdes Belokik. Errezeta horietan erabiltzen dituzten produktuen artean neguko barazkiak, errezil sagarrak eta kapoiak daude.

Argazki rallya ere egingo dute, 27.a izango da jada. Parte hartu nahi duten guztiak Urretxuko kultur etxera joan beharko dira Santa Lutzi egunean bertan 09:00etatik 10:00etara, eta bost euro ordaindu izena emateko.

Goierriko Hitza - Mirian Luki - 2009ko abenduak 7, Astelehena