Neguko azoken artean, Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi feria hutsik egiten ez duen horietakoa da. Eguraldia aurka izan arren, jendetza biltzea lortu zuen atzo, urtero bezala, animalien eta barazkien postuen artean joan-etorrian. Beti ere, festa giroan
SANTA Lutzik ez zuen atzo euria eteterik lortu. Azken asteetan gertatu bezala, eta egunsentitik arratseraino, lainoek zerua estali zuten eta zaparradek Zumarragako eta Urretxuko kaleak goizean goizetik busti zituzten. Hala ere, aterkia eskuetan hartu eta bertako zein lurralde osotik etorritako jende mordoa inguratu zen Urola Garaira, ferian salgai eta erakusgai ziren produktuak ikusi, dastatu eta erosteko asmoarekin.
Zumarragarrek eta urretxuarrek antolatutako azoka honen sorrera ulertzeko ehunka urte egin behar dira atzera, Erdi Aroraino, hain zuzen ere. Hasieran batean, azoka bi herri horiek eta beren kulturak batzeko saioa izan zen. Baina hasierako hitzordu hura ohitura bilakatu da egun, eta gero eta jende gehiago erakartzea lortu du gainera.
Urtero bezala, atzo artisautza lanak, abereen erakusketak, ezti zein lore eta barazki saltzaileak eta beste hainbat produktu ere izan ziren ikusgai herriko hainbat gunetan -Urdaneta etorbidean, La Salle Legazpiko patioan, Euskadi plazan, Zelai Arizti frontoian eta Kalebarren-Areizagan, besteak beste- . Bestalde, hainbat lehiaketa ere izan ziren, zaldi ganaduarena, barazkiena eta frutarena, Errezil sagarrarena eta oilaskoena eta kapoiena, esaterako. Bertaratu zen orok bere txokoa izan zuen eta inork ez zuen aspertzeko betarik izan: izan ere, postuz postu eta kalez kale, musika eta festa giroa nagusitu baitziren aterkien gainetik. Goizean goizetik zebilen Zumarragako Paco ferian zokomiran. "Bertakoa izanda, urtero etortzen naiz azokara. Giroa ere primerakoa izaten da eta, beraz, ez dut etxean geratzeko aitzakirik izaten", azaldu zuen gizonak, irribarretsu.
Hala ere, zumarragarrez eta urretxuarrez gain, Gipuzkoako beste hainbat herri zein hiritatik joandako jendeak ere topo egin zuen Santa Lutziko azokan. Horixe zen, esaterako, Trintxerpeko Carmen Hernándezen kasua. "Aurreko urtean etorri nintzen lehen aldiz Zumarragara egun honetan eta, egia esan, izugarri gustatu zitzaidan. Hori dela eta, aurten ere errepikatu behar nuela erabaki nuen, eta hementxe naiz", adierazi zuen. "Hala ere, egiten duen euriak eta hotzak asko kikildu egin ditu eta aurreko urtean baino jende gutxiago dabilela kalean dirudi. Baina, eguraldia ona edo txarra izan, primerako giroa izaten da eta gauza interesgarri ugari dago ikusteko", amaitu zuen.
ERAKUSTALDIAK
Artisauak nagusi
Santa Lutziko azokan, bestalde, artisauak nagusi izaten dira, baita eskulangileak, nekazariak, eztigileak eta abeltzainak, besteak beste. Horietako asko, beren produktuak saltzeaz gain, Zumarragara inguratzen den pertsona orori beren lanbidea erakusteko prest izaten dira, haiek bertatik bertara ezagutu ditzaten jardueraren nondik norakoak. Horixe da, esaterako, Muxikako Joxe arginak eta egurgileak atzo egin zuena. Mailua eta zintzela eskuetan hartu eta jendaurrean harria lantzen aritu zen goiz osoan zehar. "Mailua eta zintzela jendaurrean aritzean erabili ohi ditut soilik, iraganean lan nola egiten genuen ikus dezaten herritarrek. Eguneroko lanean, ordea, konpresore itxurako tresna bat erabiltzen dut", aitortu zuen.
Beste askok ordea, beren lanbidea bertatik bertara erakusten ez zuten arren, beren produktuekin postura inguratzen zen oro liluratzeko gai izan ziren. Teresa Petralada, esaterako, Orozkotik (Bizkaia) joan zen atzo Zumarragara baserrian prestatutako euskal pastelak saltzeko asmoz. Eguerdirako, baina, pastel bakarra besterik ez zitzaion geratzen postuan. "Oso eguraldi txarra egingo zuela entzun nuen eta, hori dela eta, saltzeko produktu gutxiago ekartzea erabaki nuen. Hala ere, jende mordoa etorri da postura eta beherala saldu dut ekarritakoa", adierazi zuen Petraladak, pozik.
FESTA GIROA ETA MUSIKA
Santomasen bezperan Primerako giroa eta umore ona nagusi izan ziren atzo Santa Lutzi egunean Zumarraga eta Urretxun, eta musika ere bai. Hala ere, asko eta asko kexu ziren eguraldia ez zutelako lagun izan, Donostiako Rosa, besteak beste. "Lehen aldia da Santa Lutzi eguneko azokara etortzen naizela eta, egia esan, izugarri gustatu zait feria. Hala ere, euria dela eta, aurreko urtean baino jende gutxiago etorri dela esan didate hemengoek. Ea datorren igandean zorte hobea dugun donostiarrok Santo Tomas egunerako...".
NOTICIAS DE GIPUZKOA - 14/12/08