Iaz barazki eta fruta arloetan sariketak egin zituzten; aurten produktu eta abere sail guztietara zabalduko dute.
Gertu dago Santa Lutzi feria. Ohi bezala, abenduaren 13an izango da. Aurten larunbata egokitu da, eta bisitari gehiago biltzea espero dute Urretxuko eta Zumarragako udaletako antolatzaileek. Berritasun nabarmenena produktu desberdinen ekoizleak eta abeltzainak saritzeko modu aldaketa izango da. Lehiaketaren eta sailkapenen formula erabili ordez sariketak egingo dituzte sail denetan, «parte-hartzaileen artean leihakortasunik ez sustatzeko».
Iaz hala egin zuten barazkien eta fruten alorretan. «Modu horrek ondo funtzionatu zuen, eta balorazio orokorra egin ondoren aurten feriako sail guztietara saritzeko modu hori zabaltzea erabaki dugu», zehaztu dute Santa Lutzi feriaren antolatzaileek.
Azoka egunaren atarian, datorren larunbatean afizionatuen arteko pilota partidak izango dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan, DV Txapelketakoak. 17:00etan hasiko da jaialdia.
Urtero bezala ardo azoka Santa Lutzi bezperan izango da Urretxuko Iparragirre plazan. Arabako hamalau upategik hartuko dute parte oraingoan. Azoka horren baitan lehiaketa ere egingo dute, 20:00etatik aurrera.
Feriak ohiko tokietan
Gaztelekuan parrillada egingo dute hilaren 12ko iluntzean, eta kontzertua eta DJa izango dira gau partean.
Santa Lutzi egunean bertan ohiko tokietan jarriko dute feria bakoitza. Abere feria Zumarragako Urdaneta hiribidean jarriko dute, 08:00etatik 14:00etara. Nekazaritzako tresnen feria La Salle-Legazpi ikastetxearen patioan izango da, Zumarragan baita ere.
Urretxuko eta Zumarragako guneen artean banatuko dira azoka bereziak. Urretxuko Gernikako Arbola plazan eta Zumarragako Euskadi plazan barazki eta fruta sariketak kokatuko dituzte. Eskualdeko ezti sariketa Urretxun egingo dute, eta errezil sagarraren sariketa Zumarragako plazan.
Sari-banaketa
Oilaskoen eta kapoien sariketan parte hartuko duten hegaztiak Areizaga-Kalebarren plazan izango dira ikusgai, eta ohi bezala, han izango dira zenbait animalia bitxi ere. Bertan egingo dute produktu eta abere guztiei dagokien sari banaketa 13:30ean.
Eskulanen eta artisauen erakusketa eta salmenta egun osoan izango da bi herrietako guneetan. Herri kirolak 12:30ean izango dira Ederrena pilotalekuan.
Argazki rally-a, aurten digitala
Santa Lutzitan argazki rally-a antolatzen dutela hamasei urte dira jada, bi udalek antolatuta. Aurten, lehenengo aldiz, argazki digitalak hartuko dituzte. Sei argazkiz osatutako bildumak utzi beharko dituzte parte-hartzaileek Urretxuko kultur etxean, Santa Lutzi egunean, 13:30etik 14:30era. Izena han eman beharko da goizeko bederatzietan.
Epaimahaia gutxienez hiru lagunek osatuko dute, eta erabakia hartzeko saioa irekia izango da, baita sariak banatzeko ekitaldia ere. Irabazleak aukeratzeko saioa 2009ko urtarrilaren 10ean izango da, 10:30etik aurrera Urretxuko kultur etxean, eta sariak urtarrilaren 16an emango dituzte, Labeaga aretoan, 20:00etan.
Lehenengo lau argazki bildumarik onenak sarituko dituzte, eta herriko bi bildumarik onenei ere sariak emango dizkiete. Argazki sarituak edo aukeratuak erabiliko dituzte 2009ko Santa Lutziko egitarauan.
MIRIAM LUKI - Goierriko Hitza.com - 2008ko abenduak 3, Asteazkena